Kudeaketa komunitarioa eta Itzulkin Soziala

Kudeaketa komunitarioko Auzoka proiektua honako ideia honetan datza: ekipamendu publikoak komunitatearentzat irekita dauden guneak izatea ez da nahikoa; horrez gain, komunitatea bera ekipamendu publikoen kudeaketaz arduratu behar da.

Kudeaketa komunitarioa horrela ulertzen dugu: komunitateak berak, eraginkortasunez eta gizarte- nahiz genero-ekitatea bermatuz, administratzeko, jarduteko eta mantentzeko duen gaitasunean oinarritzen den kudeaketa. Kudeaketa-arduradunak erabakiak hartzen ditu eta baliabide teknikoak, ekonomikoak, pertsonalak etab. kudeatzen ditu, erakundeekin harreman horizontalak ezarriz. Beraz, administrazio publikoaren konfiantza kudeaketa era horren ezinbesteko osagaia da.

Kasu honetan, Auzoka osatzen duten espazioak, Bilboko Udalak utzitako lokalak dira eta Zorrotza auzoan lan egiten duten eta beraz, errealitatea hurbiletik ezagutzen duten bi elkarteei utzi dizkie: Gure Lurra Komunitate Garapeneko Elkartea eta Zorrotzako Jai Batzordea. Aipatu elkarteok pluralak, independenteak eta ez-alderdikoiak dira eta beraien helburua auzoaren ongizate soziala bermatzea eta hobetzea da, aisialdirako aukerak, gizarte-heziketako aukerak eta kultur aukerak eskainiz.

2015. urtean, Gure Lurra Elkarteak Zorrotzan komunitate zentroa sortzeko proiektua proposatu zuen eta, azkenean, ekipamendu publiko honetan kokatu da. Auzoka doan erabili daiteke, baina modu jarraituan erabiltzen duten erakundeen konpromisoa eskatzen da “Itzulkin Soziala” deritzogunaren bidez.

ZER DA ITZULKIN SOZIALA?

Auzokan epe luzean eta modu egonkorrean parte hartzen duten baliabide eta kolektiboen konpromisoa da. Talde bakoitzak ekarpen bat proposatuko du garapen komunitarioa eta soziala hobetzeko. Proposamena librea eta irekia izan behar da eta taldearen ohiko jarduerarekin lotura izan dezake ala ez.

Adibidez: entsegu-gela erabiltzen duen musika talde batek auzoko jaietan kontzertu bat eskaini dezake. Gainera, musikarekin zerikusia duen beharretan laguntza eskaini dezake, esaterako, abesti bat sortzea auzoko eskolentzat. Aldi berean, txosnan txandaren bat egiteko eskatuko zaie eta lortutako diruarekin Auzokak antolatzen dituen ekintzak edo Zorrotzan egiten diren ekitaldiak finantzatuko dira.